XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Herri gehienetan agintea Agureen Batzarraren eskuetan egoten zen.

Zaharrek hartzen zituzten erabakirik garrantzitsuenak, zaharrek ematen zituzten aholkurik mamitsuenak.

Gure gizartean ere berdintsu gertatzen zen orain dela urte gutxirarte.

Baina diruzaletasuna nagusituz joan den neurrian, politikariak gero eta gazteagoak dira, beren kezka bakarra dirua pilatzea delarik.

Nire irudimena Japoniara zihoan gero, Narayama mendiaren kondaira kontatzeko.

Antzinako japoniarrek Narayama mendira eramaten zituzten beren guraso zaharrak, hiltzeko adinera helduak zirela iruditzen zitzaienean.

Elurtzan abandonaturik, zaharrak egun gutxiren buruan hiltzen ziren hotzez eta gosez.

Mendebaldeko gizartea askoz zibilizatuagoa omen da, baina zaharrek enbarazu egiten diote.

Bistan da.

Zaharrak gero eta gehiago dira eta gero eta bizitza luzeagoa dute.

Hori dela eta, gizarteak gero eta diru gehiago erabili behar du zahar alfer koadrila hau mantentzeko.

Lehen gerrak asmatzen ziren enbarazuan zeudenak hiltzeko.

Baina, nire ustez, bada beste irtenbide bat.

Gure mendietako bati Narayama izena ipini eta zaharrak bertan abandonatuko bagenitu, gauza bera lortuko genuke, baina odolik isuri gabe...

Artikulua bi egunkaritara bidali nuen.

Bikaina izan arren, ez zidaten argitaratu.

Agure txotxolo baten zorakeriak zirela pentsatu zuten, nonbait.